Buetraitzeko igoera bertikaleko ibilbidea aldatu egingo da



DSC05743

Bost urtean behin egiten da Buetraitzeko igoera bertikala, Aloñako Igoerako asteburuarekin bat eginez. Aurten da egitekoa, lasterketa nagusiaren XX. edizioarekin batera. Bellotzatik Buetraitzeko tontorrerako bidea egin ohi du lasterketak, baina ezinbestean ibilbidea aldatu beharrean gara.  

Gipuzkoako Foru Aldundiak Aloñako Igoerako antolakuntzari ohartarazi dio babestuko hegazti espezie batek habia egin duela Arantzazuko ingurunean. Lasterketa bertatik igarotzeak arriskuan jarriko luke hegaztia, eta beraz, Buetraitzeko Igoera Bertikala prestaturik geneukan formatuan ospatzea ezinezkoa izango zaigu.

Antolakuntzak erabakia ulertu eta onartu beste aukerarik ez dauka, azken orduan horrelako aldaketa bat egiteak eragiten dituen albo-ondorio eta buruhauste guztiak aintzat hartuta ere. Aloñako Igoera ingurumenari eta naturari estu lotutako lasterketa da, eta lasterketaren ezinbesteko baldintza ingurua zaintzea da. Aloñako Igoera ez litzateke ezer gure mendirik gabe, eta mendia ez litzateke ezer haren fauna, flora eta ekosistemarik gabe. Arduratsuak izatea dagokigu.

Beraz, espero dugu korrikalari, boluntario, ikusle eta zaletu orok erabakia ulertzea. Lasterketaren egunean zuei arduratsuak izateko eskatzen dizuegu, ingurua zaintzeko; gu ez ginateke izango erabaki hau hartuko ez bagenu.​ Lasterketa bertan behera uzteak parte hartzaileengan eragin dezakeen kaltea ulertuta, antolakuntza irtenbide bat bilatzeko lanean ari da. Beste ibilbide bat prestatzen gabiltza. Oraindik zein izango den ezin dugu esan, prestaketa lanak egin behar direlako, baina ahalik eta azkarren egingo dugu.

Bitartean, ​eskerrik asko ulermenagatik eta segi gogor​ entrenatzen!