Aitor Ajuria eta Oihana Kortazar izan dira azkarrenak XX. Aloñako Igoeran

Hogeigarren Aloñako Igoerak bi izen propio izan ditu: Aitor Ajuria (2:02:36) eta Oihana Kortazar (2:37:47). Bi korrikalariek hirugarrenez irabazi dute txapela infernuan. Lasterketaren aurrea hartu zuten hasieratik, eta bakarrik egin zuten ibilbide guztia. Foruen plazan, deabruarekin helmugaratu ziren bata zein bestea.
Gizonezkoei dagokionez, Oier Zubeldiak (2:04:53) eta Asier Azkaratek (2:08:46) osatu zuten podiuma. Emakumezkoei dagokionez, berriz, Oihana Zubillaga (2:42:42) eta Ainara Uribarri (2:43:40) helmugaratu ziren bigarren eta hirugarren postuan.
Xabier Urbina eta Ainara Uribarri izan dira lehen oñatiarrak. Eta 23 urtez azpiko lasterkarien artean, Ibai Angulo eta Irene Iturria izan dira azkarrenak. Beteranoei dagokionez, honakoek osatu dute podiuma gizonezkoetan: Unai Biainek, Aritz Luzarrek eta Axier Antonek. Emakumezkoen podiuma, berriz, Edurne Elkoroiribek eta Silvia Fernandezek.
Kalibre saria Aitor Ajuriak irabazi du, bera izan baitzen Buetraitzeko tontorretik igarotzen lehena. Aloñako balkoitik igarotzen den 46. lasterkariari ematen zaion Gari Baños saria, berriz, Josu Orbañanosek jaso zuen.
Halaber, aitortza berezia egin zitzaien Mikel Madinagoitiari, Koldo Urrestarazuri eta Andoni Elosuari. Hoko saria eman zitzaien, hogei urte hauetako edizio guztietan parte hartu dutelako.
Beti gugan, Sagas
Aurtengo Aloñako Igoera berezia izan da, lasterketak hogei urte bete dituelako eta antolakuntza taldeko kide izandako Asier Sagastizabal Sagas oroitu dugulako. Sariak banatzeko ekitaldian omenaldi hunkigarria egin genion. Haren omenez, 13 zenbakidun dortsala erretiratu egingo da aurrerantzean, eta lasterketan haren familiartekoentzat gordeta geldituko da betiko. Infernuan elkartuko gara berriro, Sagas!
Arranoaitzeko igoera
Buetraitzeko igoera bertikala egitekoa zen aurten, baina ingurumen arrazoiengatik ibilbidea aldatu behar izan zen azkenean. Foruen plazatik Arranoaitzeko (895 metro) tontorrerako bidea egin zuten lasterkariek, maldari ez ezik eguraldi makurrari ere aurre eginez. Azkarrenak Ricardo Cherta (30:07) eta Anna Pujol (39:56) izan ziren.
Chertarekin batera, Axier Artolak (31:27) eta Hodei Samaniegok (31:44) osatu zuten gizonezkoen lasterketako podiuma. Emakumezkoetan, aldiz, Larraitz Aragon (40:13) eta Ainhoa Lendinez (42:10) izan zituen lagun Pujolek.
Fagor Saria ere Ricardo Chertak irabazi zuen: lau minutu eta 50 segundotan igo zuen Arranoaitzeko azken aldapa. Oñatiar onenak, aldiz, Aimar Lizarra (32:30) eta Maite Zabaleta (43:47) izan ziren. Beteranoetan, Ander Zabaletak ezarri zuen denborarik onena (39:25). Iñaki Egizabalek eta Asier Murguzurrek osatu zuten podiuma.